II Encuentro fotográfico de Euskal Herria

Aretxabaleta

2025EKO MAIATZAREN 10a

Aretxabaleta

Ondare - Jon Ander Alberdi

Kuxkuxeroa izanik beti piztu izan didate jakinmina etxe, baserri eta eraikin zahar eta abandonatuek. Burura galdera asko etortzen zaizkit, eta asetu beharrak batzuetan irudimenarekin jolastera eramaten nau. Elementu desberdinak, kokapenak, eraikinaren garaiko funtzioak…. nor biziko zen bertan?, zergatik abandonatu dute leku hau, paraje ederrean dagoela jakinik?

Hainbat lekutan ikusten dira eraikin abandonatuak, hiri, herri eta auzoetan, eta nik obsesio puntu batekin ikusten nituen eraikin hauek, batez ere baserri mundukoak. Gure lehengo bizitzaren oinordekoak direlako. Baserri eta eraikin bakoitzak, etxebizitza izateaz gain, lanerako funtzioa ere betetzen zuelako. Nekazariarena, abeltzainarena, errotariarena… zirelako.

Baserri eta eraikin abandonatuen katalogo bat egin nezakeen, kanpoko itxura, denborak eragindako hondatzea eta inguruaren azterketa bat egiteko balioko lukeena. Baina esan bezala kuxkuxeroa izanik, kanpo irudiekin bakarrik konformatzerik ez daukat. Barrura sartu beharrak jakinmin hori asetzeko balio izaten dit. Beti ere errespetuarekin.

ONDARE proiektua kuriositatea asetzeko balio izan didan terapia bat da, iruditegi bat osatuz Aretxabaleta inguruko baserri eta eraikin batzuetan oinarrituz. Urteetan zehar milaka ikusi ditut Euskal herri osoan zehar, arkitektura, ingurumen eta testuinguru ezberdinetakoak. Baina nire herrikoak hurbilago sentitzen ditudanez, hemendik hasi nahi izan dut; nire arbasoak ere inoiz horma horien artean izan zirela jakiteak bultzatu nau honetara.

20 argazkitan bildu nahi izan ditut eraikin ezberdin hauen kanpoan eta barruan aurkitzen diren istorioak, inongo elementurik ikutu gabe, aurkitu bezala erretratatuz; eraikin bakoitzak ematen dizkidan elementuak aintzat hartu eta istorio bat eraikiz, geratzen diren materialak eta osagaiak garai eta testuinguru batera lotuaraziz.

ONDARE izenaren azpian jaio den proiektu hau Aretxabaletatik haratago zabaldu nahiko nuke etorkizunera begira, Euskal herriko ondareak bilatu eta dokumentatuz.

Gipuzkoa

Amildegi - Telmo Sánchez Ugalde

1976ko ekainaren 28an, sei mendizalek osatutako espedizio bat abiatu zen Gran Vignemale mendira igotzeko, hiru mila metrotik gorako altueran dagoen gailurrera. Espedizioan zehar, hiru mendizale hormatik erori ziren eta haien gorpuak ez ziren ezaguterrazak izan. Espedizioko kideetako bat Sebastian zen, nire osaba-aitona. Historia pertsonal hau Goierri eskualdeko paisaiarekin uztartzen da, Euskal Herriko lurralde batekin, zeinak, identitatearen antzera, memoria kolektiboz beteta dagoen.

Nire familia, mendi hauekin sakonki lotuta dagoena, paisaia hauetan eraiki du bere historia, non natura eta identitatea etengabeko elkarrizketan fusionatzen diren, ukigarria eta ukiezina uztartuz. Proiektu honen bidez, memoria abiapuntu bihurtzen da identitatearen eta paisaiaren irudikapen bisualaren inguruko esplorazio zabalago baterako. Familia-artxiboa, aitonaren eta bere anaia Sebastiánen argazkietatik abiatuta, irudi berriekin berraktibatu eta zabaldu egiten da, artxiboaren eta orainaren arteko zubi bat sortuz.

Argazkilaritzak ez du soilik lurralde fisikoa dokumentatzen; oroitzapen zatikatuek, galerak eta denboraren joanak utzitako hutsunea ere agerian uzten du. Kasu honetan, identitatea ez da muga geografiko edo genetiko batera mugatzen; aitzitik, lurralde mental batera zabaltzen da, non memoria kolektiboa eta paisaiaren aztarnak elkarrekin bizi diren.

Goierriren dokumentazio hutsetik harago, lan honek parte izatearen zentzuaren oinarrian dauden lotura ikusezinak sakontzen ditu, paisaia esperientzia humanoaren ispilu bihurtuz. Bidaia honetan, historia pertsonala unibertsalarekin fusionatzen da, lekua eta familiaren ondarea identitatearen eraikuntzan nola laguntzen duten zalantzan jarriz.

Sebastián eta haren mendizaletasunarekiko harremana berreskuratuz, naturaren eta gizakiaren arteko tentsioak aztertzen dira, paisaia konkistatzeko desioaren eta haren aurreko ezinbesteko zaurgarritasunaren artean. Argazkilaritzaren bidez, haren historia biziberritu eta narrazio berriak eraikitzen dira, artxiboa, paisaia eta identitatea elkarlotuz, memoria nola gordetzen eta eraldatzen den denboran zehar hausnartzeko.

Beraz, proiektu hau ez da soilik Sebastiánen memoriari egindako omenaldia, baizik eta gizakiaren eta paisaiaren arteko lotura birpentsatzera gonbidapena ere, gure identitate sakonaren irudikapen bisual eta emozional gisa.

Araba

Kristalaren atzean - Leonor Uriarte

Proiektu hau pandemia garaian sortu zen, 2021-2022 urteetan, Gasteizera errepidetik egin nituen bidaietan, nire semea bertan baitzegoen ospitalizatuta.

Normaltasunaren eta kontzientzia-egoeraren arrakala horretan, ezbehar eta ezegonkortasun egoera horretan, harritu egin ninduen gaueko iluntasunean, mugimenduan, autopistan bidaiatzen ari nintzela, mugikorrak pinu zati batzuk eta gaueko urdina hartu izanak, eta hain irudi ederrak lortzeko gai izateak, eta horrek paisaiarekin, naturarekin eta haren ahotsarekin lotu ninduen.

Argazki-lan hau esperimentala da eta oraindik ez dago amaituta.

Bizkaia

Sestao - Iñaki Izquierdo Muxika

Duela gutxi bi argazkilari ingelesi buruzko informazioa aurkitu dut sare sozialetan: Janet Mendelsohn eta Tish Murtha. Biek, 60ko eta 80ko hamarkadetan hurrenez hurren, argazkiak atera zizkieten eurak bizi ziren langile auzoei. Barrutik egindako argazkiak, argazkietako pertsonekiko bizikidetzatik ateratako argazkiak. Eduki gazi-gozoarekin, tragikoarekin, baina, aldi berean, gertuko giza harremanen garaia bizi izanaren pozarekin.

Horrela sentitu nintzen nire herriari, Sestaori, XX. mendearen amaieran, industria-kultura baten amaieran, argazkia atera nionean. Ezkerraldeko paisaia gogor horretan oso zoriontsu izan nintzen, eta paisaia hori galtzeko samina sentitu nuen.

Nahiz eta bizitzak jarraitu eta forma berrietara egokitu, positiboa da iraganeko egileekin topo egitea. Horregatik, jaialdian atzera begiratzea proposatzen dizuet, denboran hain hurbil dagoen baina ezabatua dirudien iraganari, Euskadiko industriaren epizentroa izan zen iragan horri.

Eta iraganeko lanak ikusten ditudanean sentitzen dudanak argazkigintzaren balio dokumentalari buruzko uste sendoak berresten dizkit. Horregatik dira hain garrantzitsuak orainari argazkiak ateratzen ari diren horiek, horregatik ausartzen naiz atzera begiratze hau proposatzen, solasaldian orainaldira arteko ibilbidea egiteko.

Ez dakit dohaina edo akatsa izango den, baina neure burua argazkilaritzat daukadanetik nire dokumentatzeko modua funtsean ez da aldatu. Adierazpen plastikoan eta argazki-hizkuntzan hobetu dut, baina dokumentatzeko grinak bere horretan jarraitzen du. Hau da nire hitzaldian garatu nahi dudan edukia: argazkilari gisa jaio nintzenetik (argazkiak egitetik asmo fotografiko bat izatera pasatu nintzenean) Bielorrusian egindako nire azken lanera arteko ibilbidea.

Gertukoenetik hasita, nire herritik, komunitate ezezagunetan integratzera iritsiz, pasiegoak bezain itxiak ziruditen kolektiboei barrutik argazkiak ateratzeko. Nire haurtzaro industrialean ezagutu nuen austeritatea, aipatutako argazkilari ingelesek bizi izan zutena bezala, beste kolektibo batzuetara hurbiltzeko lagungarria izan dela uste dut.

“Sestaon bizi” 1994. eta 2006. urteen artean egin zen, desindustrializazioaren unean Sestaoko bizitza nolakoa zen erakusteko asmoz, desagertzen ari zen paisaia eta bizimodu bati begira.

Nafarroa

Negu errituala - Ainhoa Tejerina

Argazki-lan hau Nafarroako landaguneetako inauterien azterketa bisuala da, Euskal Herriko herri-kulturaren adierazpenik primitibo, sinboliko eta errotuenetako bati egindakoa. Izan ere, hainbat herritan zehar – Zubieta, Lesaka, Lantz, Unanu, Altsasu eta Erriberri –, errito, maskara eta irudi mosaiko bat hedatzen da urte-sasoi honetan, formalki desberdinak izan arren, antzinako pultsu bera partekatzen dutenak: lurrarekin, naturaren zikloekin eta ahaztu gura ez duen memoria kolektiboarekin konektatzeko beharra.

Inauteri hauek -zenbaitetan berreskuratu edo berrasmatuak- transgresiorako, munduaren ordena apurtzeko eta katarsi komunitariorako espazioak dira. Maskarak, aurpegia ezkutatu ez ezik, pertsona babesten du, askatu. Neguko egun hauetan, erreprimitutako guztia askatu egiten da, eta alderdi emozionalak gorputza zeharkatzen du. Erretratu, eszena eta xehetasun hauen bidez, proiektuak begi-bistan dagoenaz gain, ikusi ezin dena ere jaso nahi du: oraindik errituan sinesten dutenen indarra.

Globalitateak berezia den oro ezabatzerekin mehatxatzen duen une honetan, inauteri hauek erresistentzia kulturaleko ekintza dira, eta gogorarazten digute tradizioa ez dela fosil bat, baizik eta organismo bizia, mugitzen ari dena, mutatzeko eta ozen hitz egiten jarraitzeko gai dena.

Lapurdi

Airosa / Itsas aparra - Séverine Dabadie

Duela gutxi oraindik, Donibane Lohizune-Ziburuko portua arrantza-ontziz bete-betea zen, zein baino zein maiestatetsuago. Kai bazterrean, haien diseinu lerdenak fierki agertzen ziren eta uste genuen itxura ezagun haiek betiereko egonen zirela. Egun, gauzak erabat aldatu dira. Portua polikinaka hustu da eta sariak banatuak izan dira, itsasontzi eder horiek botalekura bidaliz.

2023an, Airosa-k bere 70. urtemuga ospatu du. Hirurogeita hamar urtez ari izana da arrantzan, itsasoan gaindi. Iragan oparo batetik, hau da, euskal atun-ontzi ausartak Dakarrera abiatzen ikusi zituen garaitik bizirik atera den itsasontzi bakarra da Airosa ederra. Horra zergatik 2002az geroztik monumentu historiko gisa sailkatua den (gertaera bakana itsasontzi batentzat).

Hala ere, museoko obra bat izatetik urrun, ohitura luze horren azken lekukoa da, bizirik dirauena. Séverine Dabadie Airosan ontziratu da, atun gorriaren gibeletik ibiliz, bolintxaren bidezko arrantza eta kanabera erabiltzen duen peita biziko arrantza argazkitan hartzeko.

Arrantza arduradun bezain arrazoizkoa egiten duten itsasturiak eta Airosa itsasontzi miresgarria omendu nahi izan dira. Aro modernoak, oraindik dardarka dagoen gure iragana bere aparraz osoki estali aitzin.

Erreportaje honek Elkar argitaletxeak argitaratutako liburu bat sortu zuen.

NAFARROA BEHEREA

Bai ala Bai - Camille Chopin

“Bai ala bai” euskal erranmoldea, konpromisorik ez dela erraiteko erabiltzen da, beste aukerarik ez da, hori da edo deus ez.

Proiektu hau Euskal Herrian errotua da. Lurraldearen eta haien komunitatearen baitan, tokia hartzen dutenak argitan ezartzen ditu. Haien identitatea den bezalakoa izanik ere, konpromisorik gabe bizitzea eta etsitzea onartzen ez duten gizabanakoen potretak erakusten ditu.

«Altxalili» drag kabaretaren kideez ari da serie hau. Euskal Herri barnekaldeko herri ezberdinetako 8 gazte, eszenatokira igaiteko eta queer izaitearen aldarrikatzeko batu dira. Beti ere haien euskal nortasuna ukatu gabe. Drag show hori, beraiek handitu diren lekuetan jokatuz, baserri munduan, orain arte existitzen ez den modeloen bilakatzeko bidean dira.

Karta postalak Euskal Herriko artxibo ikonografikoak dira. Hasieran inspirazio iturri izan baziren ere gerora elementu nagusi bilakatu dira. Pertsona bakoitzak bere erretratua egiteko lekua eta testuingurua hautatu ahal izan ditu. Kasik denek aipatu dute etxea, mendia eta laborantxa, euskal kulturaren sinbolo azkarra direnak. Artxibo irudi hauek euskarri bat izan dira argazkilariarentzat, Euskal Herriaren irudikapen garaikide eta zaharraren arteko zubi bat egiteko.

Zuberoa

Bortuan - Eliane Heguiaphal

Serie hau ezezaguna da, 2016 eta 2023aren artean egindakoa. Argazkiak Bosmendietan hartuak dira, Lakarri eta Larraineren artean den bortu ertainean.

Laborariek artaldeak igortzen dituzte maiatzaren 10etik aitzina. Lurrak sindikatuenak dira, Zuberoko etxalte bakoitza ola (etxola) baten partelianta da, eta sistema horri esker abereek uda bortuan igaraiten ahal dute.

Urte horien zeihar, artzaintsa zen adiskide bat lagüntzen nuen borturat. Nere adiskideak ez beitzuen parterik ola batetan, Lakarriko artzain zahar batekin joaiten zen olara, Bosmendietarat. Ez zuen han lo egiten, orduan astean behin edo berritan goiti joaiten zen ardietara.

Ainitz ebili gara, pasai hauen zeihar, sasoi desbardinetan. Serie hortan udazkenean eta neguan mugatu naiz, ardiak berant egoiten baitziren alagietan. Askotan joaiten ginen ardietara, bena ez genituen askotan atxematen, bortua handi baita, eta artaldeak libro.

Artzain zaharra, zinez berezia zen, (orai zendua baita), maitagarria. Bakarrik bizi zen etxe zahar batetan, aisetasunik gabe.

Nere asmoa zen, pasai hauen eztitasuna erakustea, nere adiskidea eta artzainaren harremanak, eta ardien bilaketa.

+ PRENTSA-OHARRA

‘'ARGAZKIA puntu EUS'’, Euskal Herriko II. Argazki Topaketa egingo da Aretxabaletan: hitzaldiak, erakusketak eta 4.000€ sarietan

Argazkiaren aldeko apustua eginez eta tokiko talentuari balioa emanez, Aretxabaletako Udalak “ARGAZKIA.EUS” Euskal Herriko lehen argazki topaketa egingo du 2025eko maiatzaren 10an. Topaketan, 500 euroko zortzi sari banatuko dira hautatuak izaten diren Aretxabaleta, Gipuzkoa, Araba, Bizkaia, Nafarroa, Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoako argazkilarien artean.

Euskal Herrian jaio edota bizi diren argazkilariek martxoaren 30ra arteko epea izango dute beren lanak aurkezteko. Horrela, 500 euroko saria jasotzeaz gain, aukera izango dute beren lana jendaurrean aurkezteko Aretxabaletako Arkupe kultur etxean, eta baita maiatzan egingo den argazki-erakusketa kolektiboan parte hartzeko ere.

Parte-hartzaile guztien artean, zortzi argazkilari hautatuko dira: bat Euskal Herriko probintzia bakoitzeko, eta beste bat Aretxabaletakoa. Zortzi pertsona horiek igoko dira agertokira, maiatzaren 10ean, beren argazki-proiektua aurkeztera, eta haien obra egongo da erakusgai maiatzan Arkupe kultur etxeko erakusketa-aretoan.

Topaketan parte hartu ahal izateko, interesdunek karpeta bat aurkeztu beharko dute martxoaren 30a baino lehen, honako hauek jasotzen dituena: argazki-proiektuari buruzko argibideak ematen dituen PDF bat, curriculum artistikoaren PDFa, NANaren kopia edo Euskal Herrian jaio edota bizi dela ziurtatzen duen agiria, eta proiektuaren 20 irudi solte (JPG formatuan, 1920px alderik luzeenean eta 72 ppp-tan).

Konprimatu ondoren, karpeta hori WeTransfer bidez bidali beharko da argazkia.eus@gmail.com helbidera, martxoaren 30ko 23:59ak baino lehen.

Euskal Herriko bigarren argazki-topaketaren irabazleen izenak 2025ko apirilaren 7an (astelehena) emango dira ezagutzera.

Beren proposamena bidaltzearekin, parte-hartzaileek konpromisoa hartzen dute maiatzaren 10ean (larunbata) egingo den topaketara bertaratu eta beren obra hitzaldi batean aurkezteko, eta baita erakusketa kolektiboan parte hartzeko ere; betiere beren lana hautatuetako bat izan bada.

+ OINARRIAK

II ARGAZKIA PUNTU EUS

+ Euskal Herrian (Gipuzkoa, Araba, Bizkaia, Nafarroa, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa) jaio edota bertan bizi diren adin nagusiko pertsonek bakarrik parte hartu ahal izango dute.

+ Aretxabaletan jaio edota bizi diren pertsonen lanak kategoria berezi batean hautatuko dira.

+ Deialdia teknika digital libreak erabiltzen dituzten argazkilari eta artista bisualei zuzenduta dago.

+ Edozein gairi buruzko lanak aurkeztu ahal izango dira, baina bereziki baloratuko dira euskal kultura, lurraldea eta nortasuna aztertzen dituzten lanak.

+ Hautatutako pertsonek beren lanen ahozko aurkezpena egin beharko dute 2025ko maiatzaren 10ean, Aretxabaletan, eta euskaraz edo gaztelaniaz egin ahal izango dute.

+ Maiatzan erakusketa kolektiboa egingo da (ekoizpena, antolatzaileen kontura). Parte-hartzaileek aldi baterako laga beharko dituzte lanak inprimatzeko eta zabaltzeko eskubideak, jarduera egin eta sare sozialetan sustatu ahal izateko.

+ Zortzi sari aurreikusten dira, bakoitza 500 eurokoa. Erakundeak kategoriaren bat hutsik uzteko eskubidea izango du, baldin eta deialdiak ez baditu betetzen epaimahai adituak eskatutako gutxienekoak.

+ Antolatzaileek beren gain hartzen dute lanak egilearen jatorrizko tokiaren edo egilea dagoen lurraldearen arabera saritzeko eskubidea.

+ Parte-hartzaileek beren gain hartuko dituzte hirugarrenek egin ditzaketen erreklamazioen ondoriozko erantzukizun guztiak, baldin eta erreklamazio horiek jabetza intelektualeko eskubideei eta irudien gaineko irudi-eskubideei buruzkoak badira, eta/edo erreportajearen subjektu protagonistek –izan pertsona fisikoak edo juridikoak– egindako erreklamazioak badira. Erakundea eta hura osatzen duten pertsonak, horren ondoriozko edozein erantzukizunetatik salbuetsita egongo dira.

+ Ez dira onartuko epez kanpoko proposamenak, eta ezta hemen azaldutako oinarriak betetzen ez dituztenak ere.

Argazkia: Polo Garat

jarrai iezaguzu: